2022-07-31

Zer nolako altxorra den zuen ondoan Hatortxu antolatzea!

Asko kosta zitzaion Hatortxu Rocken azken edizio honi iristea. Bi urte eta erdi, zehazki. Eta azkar joan da. Bi egun izan dira. Elkartasunez betetako 48 ordu, zeinetan 1.500 lagunek auzolanean eta milaka lagunek jai giro paregabean gogoan izateko zita berri bat utzi duten. Tamalez, oraindik ere bada halako eremuetan disfrutatzen eta disfrutatzen uzten ez dakienik eta hainbat eraso salatu dira, jaialdia aurreikusita zegoena baino ordubete lehenago amaitzeraino.

Lehen balorazio azkar hau eskerrak ematen hasi nahi dugu. Eskerrak Hatortxuren 26. edizio hau posible egin duzuen guztioi. Hilabete luzeetan antolakuntzan ibili zareten talde zoragarri horri, egun hauetako boluntarioei, musikariei eta Atarrabiako gunean bildu diren milaka eta milaka lagun guztiei. Jaialdi hau denon artean egiten dugula errepikatzen dugu behin eta berriz eta aurten ere eredu izan zarete.

23 urte dira Hatortxu dispertsioa salatu eta honek suposatzen zituen gastuak arintzeko helburuekin jaio zela. Eta aurten, aurretik aipatutako guztioi horiei esker, beste behin helburua betetzea lortu dugu. Azken helburua, noski, Hatortxu Rock beharrezkoa ez den egun hori da. Eta asteburu hau bezalako ekimenei esker, egun hori gertuago dago.

Bi urte eta erdi oso zail izan dira. Zailak gizartearentzat eta zaila Hatortxurentzat ere. Zer esanik ez errepresaliatu politiko eta haien senideentzat. Guri dagokigunean, bi urte eta erdi izan dira dispertsioaren aurkako borrokan gure ekarpena egin ezinik. Eta galdutako denbora hori berreskuratzeko nahiarekin antolatu genuen amaitu berri den edizio berri hau. Eta lortu egin dugula azpimarratu nahi dugu.

Lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu zuoi, boluntario guztioi, ikusleek, musikariek eta bestelako langileek helarazi dizkiguten zorion eta esker mezuak zuei bideratzeko. Zer nolako altxorra den zuen ondoan Hatortxu antolatzea!

Tamalez, ez dugu denek jaialdiaz modu askean gozatzerik izan. Bi egun hauetan hainbat eraso homofobo eta sexista eman dira, hauek kudeatu ostean, erantzun soziala ematea ezinbestekoa izan zen eta egoeraren larritasunak Hatortxu ordubete lehenago amaitzera behartu gaitu. 3 eraso homofobo eta 5 eraso sexista salatu dira bi egun hauetan. Onartezina.

Beraz, Hatortxu gune segurua izan dadin neurriak hartu ditugun arren, nazkaz eta amorruz beterik esan behar dizuegu ez dugula lortu. Baina ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu. Gure esku ditugun tresna eta baliabide guztiak jarriko ditugu HTX guztiontzko gune seguru bilakatzeko.

Lanean jarraitzeko beharra

Oraindik edizio honetako lanak amaitu ez ditugun arren (desmontaia eta garbiketa lanak hainbat egunez luzatuko dira, Atarrabiako herriari gunea behar bezala itzultzeko), aurrera begira jarri beharrean gara. Oraindik 180 euskal preso politiko daude espetxean. Haietako asko Euskal Herriko espetxeetan baldin badaude ere, oraindik badira beste asko espainiar eta frantziar Estatuetan urrunduta daudenak. Eta gero eta preso gutxiago daudela egia den arren, bakar bat ere gehiegi da. Eta bakar bat espetxean dagoen bitartean, Hatortxu Rockek lanean jarraitu beharko du.

Zentzu horretan, gure ikusmira jarri dugu dagoeneko 27. edizioan. Bertan ikusiko dugu elkar, abenduaren 17an, etxerako bide horretan urrats berri bat eman asmoz.

Mila-mila esker guztioi!
Hator-hator neska-mutil etxera!