2024-06-10

Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak amaiera emango dio bere ibilbideari.

Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak amaiera emango dio bere ibilbideari.

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen errealitateari elkartasunetik erantzun eta haien auzia gizarteratzeko helburuarekin antolatzen hasi zen jaialdiak bere azken bi edizioak ospatuko ditu. Beti ihes egin diogu “ospatu” hitzari. Ez genituen jaialdiak “ospatzen”, jaialdiak “egiten” baizik. Baina badago zer ospatu.

Beraz, 2024ko abenduaren 28an ospatuko da Hatortxu Rocken 29. edizioa eta hau izango da sorreratik gaur arte izan duen neguko forma klasikoetan azkena. 30. edizioa berriz 2025eko uztailaren 24tik 27ra ospatuko dugu, lau eguneko jaialdi historiko batekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude, esteka honen bidez.

https://www.enterticket.es/eventos/hatortxu-rock-986354

Jaialdia bere amaierara heldu da baina jaialdia sorrarazi zuten arrazoi guztiak ez dira desagertu. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak euskal gizartearen inplikazioa behar beharrezkoa du oraindik. Hala ere, jendartearen bizi ohituretan jasandako eraldaketa sakonek eta agertoki politiko berriek elkartasun eta inplikazio forma berriak ezinbesteko egiten dituzte. Honela, Hatortxu badoa, baina erreminta berriei bide emateko.

Hatortxu Rockek hiru hamarkada luzez bere helburuak bete baditu unean uneko egoera eta beharretara egokitzen jakin duelako izan da. Auzolanaren indarraz ezaugarritu den jaialdi bat izan da, gure herrian eta Euskal Herritik kanpo entzutetsu bihurtu eta zenbaitek musika jaialdien antolakuntzari dagokionez eredugarritzat jo dutena. Kartzeletatik eta erbestetik zein haien familiengandik eskerrik zintzoenak jaso dituen jaialdia.

Egindako bide guzti horrengatik, helburu genuen dispertsioaren amaiera lortuta baina haien etxerako bidean egiteke dagoenaz jakitun, erarik onenean eman nahi diogu amaiera. Elkartasun forma berriei bide emanez umiltasunez eta egindako bideaz harro.

Herri honek aspalditik utzi du agerian maite dituenekiko babesa erarik berritzaileenetan burutzeko gaitasuna. Ezbairik gabe badakigu euskal preso politiko, iheslari eta deportatuetan azkena etxeratu arte bide hori urratzeko borondatea eta gaitasuna badagoela.

Hatortxu Rockek bere onena emanez joko ditu azken akordeak, egoerak eskatzen duen bezala, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. Beste behin ere, musika erdigunean jarriz, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasunez milaka pertsona elkartuz.

Sarrerak

Zita bikoitz honetarako, Hatortxu Rockek bono berezi batzuk jarri ditu dagoeneko salgai. Honela, gaurtik aurrera Hatortxu 29 eta Hatortxu 30eko bono bateratua eskuratu daiteke, 94 euroren truke. Eskaintza berezi honetan, 3.000 bono baino ez dira jarriko salgai.

Behar beste aldiz entzun dadin,

Hator hator neska mutil etxera!