Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas, ETS, Pleura, Rotten XIII, Herdoil eta Green Valley
Gaurko genuen aurreikusita Hatortxu Rocken 25. edizioa. Azaroaren 26an iragarri genuen bezala, baina, pandemiak eta agintariek hartutako neurriek sortutako ezegonkortasuna dela-eta, bertan behera uztera behartuta ikusi genuen gure burua. Ordutik, udarako antolatzen ari garen edizio berezian murgilduta gaude buru belarri.
Eta gaur, dagoeneko, lehen albisteekin gatoz. Uztailaren 29 eta 30eko zita horretan egongo diren lehen taldeak aurreratzeko moduan gaude. Non Servium, The Baboon Show, Stay Homas, ETS, Pleura, Rotten XII, Herdoil eta Green Valley bertan izango dira. Hau, baina, lehen aurrerapen bat baino ez da. Datozen hilabeteetan beste asko batuko dira elkartasun jaialdi honetara.
Oraingoz aurreratu dezakegunez, The Baboon Show suediarrak, ETS arabarrak eta Pleura nafarrak ostiralean igoko dira eszenatokira. Stay Homas kataluniarrak, Rotten XIII eta Herdoil nafarrak eta Green Valley gasteiztar-bartzelonatarrak, aldiz, larunbatean. Egun honetan ere izango da Non Serviumen txanda. Mostoleseko taldeak atsedena hartu du azken urteetan eta 2022an itzulera bira txiki bat eginen du eta Hatortxu Rock izango da joko duten bi jaialdietako bat. Euskal Herrian, bakarra.
Izen hauekin batera, eguneko sarrerak ere salgai jarri ditugu, gure webgunearen (www.hatortxurock.eus) bidez. Bi eguneko bonoa duela aste batzuk jarri genuen salgai eta dagoeneko milaka lagunek bereganatu dute. Orain, bono hori eskuratzeko aukeraz gain (55 euro), egun bakarreko sarrera lortzeko ere parada dago, 30 euroko prezioan.
Azken bi urteetan ezin izan dugu Hatortxu Rock nahi izango genukeen eran antolatu. Eta ondorioz, ezin izan ditugu gure helburuak, dispertsio politika salatu eta honek euskal preso politikoen senideengan sortzen dituen gastuak aringu, nahiko genukeen moduan bete. Elkartasun hori, ekonomikoa ere, erraldoia, gero eta handiagoa, izatea ere bada gure helburua. Etxerako bide hori eraikitzerakoan esku guztiak dira ezinbestekoak. Eta jomuga horrekin ari gara lanean uztaileko zitari begira.
Milaka lagun behar ditugu eta esan dezakegu, zortzi hilabete lehenago, milaka herritar bilduko garela gero eta gertuago ikusten dugun dispertsio politikaren amaieran pauso berri bat emateko. Baina azken kilometroa metro bilakatu arte, azken furgoneta bidaia etxe atariko besarkada bihurtu arte, lanean jarraitu beharra daukagu. Eta horretarako zuen guztion laguntza behar dugu. Auzolanean, elkarrekin eta lanerako grinez amaituko dugu dagoeneko hiru hamarkada baino gehiago luzatu den zigor honekin.
Zuei esker, aurten ere ekarpen bat dispertsioaren aurka
Azkenik, ez genuke aukera hau galdu nahi esker mezu berezi bat igortzeko. Azken bi asteetan bertan behera utzitako edizioaren sarrerak itzultzeko eskariak egiteko epea ireki dugu. Eskari guzti horiek kudeatzen ari gara eta datozen egunetan eginen dira diru itzulerak. Hala ere, asko eta asko izan zarete diruari uko egin eta sarrera eskatu ez duzuenok. Zuei esker, aurten Hatortxuk galerarik ez izatea ahalbidetu duzue eta, beste urte batzuetako tamainakoa ez den arren, dispertsioak eragiten dituen gastuak leuntzeko ekarpen bat egiteko moduan egongo gara.
Bihotzez, mila-mila esker. Beti azpimarratzen dugu jaialdi hau denok osatzen dugula, antolatzaileok, boluntarioek, musikariek eta baita publikoak ere. Aurten, agian, izan da elkartasun horren adierazle nagusienetako bat. Indarrez bete gaituzue eta behar den bestetan lanean jarraitzeko grinez beteta gaude. Beraz, jar gaitezen udara begira, etxerako bide horretan urrats erraldoi berri bat eman asmoz.
Gaur ospatzekoa zen edizioa bertan behera uztera eraman gintuen ziurgabetasuna ez da desagertu, baina errepresaliatuen eta haien familien egoerak ez digu uzten besoak gurutzatuta geratzen. Horregatik, uztailaren 29an eta 30ean jaialdia baldintzarik onenetan antolatu ahal izango dugulakoan arituko gara lanean.
Bi mila esker.
Hator-hator neska-mutil etxera.
Hatortxu Rock