2019-10-02

Hatortxu Rock 23: Maitasunaren Apologia

Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimy

Hatortxu Rockek 23. edizioa antolatuko du abenduaren 28an, beste behin, Atarrabian. Aurtengo leloa, “Maitasunaren apologia” izanen da. Gaur oholtza gainean izango diren taldeak eta 23. edizio honek dakartzan berritasunetako batzuk aurkeztu ditugu:

20 urte dira Hatortxu Rock jaio zenetik. Helburu batzuen atzetik jaio ere. 10 urte lehenago espainiar Estatuak martxan jarri zuen urruntze eta dispertsio politikari aurre egin behar dioten euskal preso politikoen senideei babesa erakutsi, lagundu eta gatibu daudenen eskubideak aldarrikatu. 2019 honetan, Euskal Herriak, gatazka politikoaren konponbidean pausoak eman beharko lituzkeen honetan, ordea, egoera herri honek behar duenetik urrun dago oraindik.

Oraindik ere, 249 euskal preso politiko daude espetxean eta horietako lau daude soilik Euskal Herrian. 205 espainiar Estatuko 40 espetxe ezberdinetan daude: 134 (eta lau haur) etxetik 1.100 eta 600 kilometrora bitarte, 41 (eta haur bat) 590 eta 400 kilometrora bitarte eta 30, 390 eta 100 kilometrora bitarte. Frantziar Estatuan dauden 37 presoetatik 9 daude 1.100 eta 600 kilometroko distantziara eta 28, 390 eta 100 kilometro artera. Hamaika deportatu eta iheslari ere badaude, oraindik orain.

Esan bezala, konponbideak beharko luke izan oraina eta etorkizunaren sinonimo, baina iraganera giltzapetu nahi gaituzte eta aurrera pausoak eman beharrean, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideen eskubideei ere eraso egin nahi diete. Azkena, etxekoei maitasuna adierazteko eskubidea ere ostu nahi diete. Errepresaliatuekiko maitasun keinu oro debekatu nahi dute.

Horren aurrean, maitasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du aurten Hatortxu Rockek. Senideei maitasuna adierazteko eskubidea, lagunari maitasuna adierazteko eskubidea, espetxean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea, etxera bidean dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea edo deserrian dagoenari maitasuna adierazteko eskubidea. Maitasunaren apologia erraldoia izango da abenduaren 28an Hatortxu Rocken biziko duguna.

23 edizio eta berritasun ugari
Hala, egoerak bultzatuta eta elkartasuna eta maitasuna inoiz baino beharrezkoak direla sinetsita, ahaleginean aurrera pauso bat ematea erabaki du Hatortxu Rockek. Hori dela-eta, aurreko urteetan 11 edo 12 talde igotzen baldin baziren oholtza gainera, aurten 18 izango dira Hatortxuren mezuarekin bat eginez elkartasun gaua gidatuko dutenak.

Oi! The Arrase, Huntza, Iheskide, Gatibu, Su Ta Gar, Los Zopilotes Txirriaos, Skabidean & The Black Birds, Rotten XIII, Tremenda Jauria, ETS, Suaia eta Ama Rebel, Bad Sound System, Onki Xin, Koban, Nogen, Xabi Bandini, Nerabe eta DJ Reimyk osatuko dute aurtengo eskaintza.

Talde guztien inguruko informazioa gure webgunean (www.hatortxurock.eus) topa dezakezue. Baina ez genuke aukera hau galdu nahi guztiei gurean egoteko egindako ahalegina eskertzeko. Nabarmentzekoa da Oi! The Arrase Mallorkako taldea Hatortxun izanen dela 20 urte eszenatokietatik kanpo egon ostean. Baita Iheskidek ere, hainbat urteren ostean, gure oholtzan itzultzeko hartutako erabakia ere.

Era berean, ez genuke Rotten XIIIko lagunei eskerrak emateko aukera galdu nahi. Urtarrilean lan-istripu batean zendu zen Javi Fernandez baxu-jolea eta, urte zail baten ostean, berriz ere barrenak hustu asmoz Atarrabian izanen dira.

Eta guzti hau posible egiteko apostua handituko du Hatortxu Rockek. Aurrekoetan bi eszenatokitan banatzen baziren kontzertuak, aurtengoan gune berri bat eta hirugarren oholtza bat izanen ditugu. Dena prest egon dadin, maitasunez lan egiteko konpromisoa hartzen dugu beste behin. Eta zuek? Egingo al dugu denon artean maitasun erakustaldi erraldoi berri bat?

Denon artean, denak etxera!

Hator, hator neska-mutil etxera!