2017-05-13

Hasi gara auzolanean Lakuntza egokitzen

Hatortxu Rock 20ren ateak irekitzeko 75 egun falta dira oraindik. Edo soilik 75 egun falta dira. Hilabete ugari dira buru-belarri gabiltzala lanean, dena prest egon dadin, eta gaurkoan akanpalekua egokitzeari ekin diogu auzolanaren bitartez.

Gune bikain batean egonen da kokatua akanpalekua. Hatortxu 10aren aldera, oraingoan itzalaz gozatzeko aukera izanen dugu atsedenerako gune izan beharko lukeen honetan. Hatortxu Rock erraldoia egingo dugula diogu aspalditik, eta gune bakoitza honen neurrian egon behar du. Beraz lanak ere erraldoia behar du izan.

Eta horretan ibili gara gaur ere, sasiak kendu eta lehen garbiketa lanekin martxan jarri gara. Asko dago egiteko, baina lan-taldeen eta Lakuntzako bizilagunen ilusioa ikusita, aurrera indartsu goaz, Euskal Herrian sekula antolatu den elkartasun jaialdirik handiena antolatu asmoz.

Hurrengo deialdia hilaren 27 eta 28rako jarri dugu eta dei egiten diogu nahi duen orori gerturatu eta proiektu honen parte izatera. 09:00ean elkartuko gara Lakuntzako plazan.