2016-10-03

Hatortxu Rock 19- Hautsi ditzagun burdinak txori bihurtuta

Habeas Corpus, Joxe Replay, Mafalda, Arkada Social, Green Valley, Lendakaris Muertos, Marianitoz Blai, La Pegatina, Reincidentes, Afu eta Esne Beltza.


Hemen gaude beste urte batez, ospatzekoa ez den Hatortxu Rock jaialdi bat aurrera eramateko asmoz. Hala ere, etxerako bidea marrazteko indarrez gainezka gaude. Bai, indarrez gainezka gaude, baina horretarako zuok guztion indarren beharra dugu.

Beste behin Atarrabiako Entrecementerios gunean elkartuko gara, baina aurtengo data zerbait aurreratua dator. Gabonetako daten zailtasuna dela-eta, abenduaren 17an ikusiko dugu elkar Hatortxu Rock 19n, “Hautsi ditzagun burdinak, txori bihurtuta” lelopean.

Bertan izanen dira Mafalda, Arkada Social, La Pegatina, Afu, Green Valley, Esne Beltza, Marianitoz Blai, Reincidentes, Lendakaris Muertos eta Joxe Replay. Eta hauekin batera, Habeas Corpusek Hatortxu Rockeko oholtza gainean egingo du bere azken geltokia, eszenatokiei agur esan aurretik.

Hautsi ditzagun burdinak, txori bihurtuta. Oraindik ere 350 euskal preso politiko baino gehiago daude espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta. Modu berean, ehunka dira deserrian etxera itzuli ezinik dauden iheslariak. Presoak bere burua askatzen du, bai, baina hala ere burdinek hegan egitea galarazten diote. Denon lana da espetxe garaiarekin amaitzea eta denon beharra dute guztiz aske izateko. Denon artean bakarrik ekarriko ditugu etxera eta. Zuek barrutik, guk kanpotik. Zuek kanpotik, guk barrutik. Preso bakar bat dagoen bitartean denok egongo gara preso eta. “Zuen askatasuna behar dugu gauza zailak egiten jarraitzeko, zuen askatasuna behar dugu libre gaudenok libre izateko”. Horregatik denok izan behar gara txori, denok elkarrekin hautsiko ditugu burdinak.

Ehunka txorik osatzen dute Hatortxu Rock, eta preso bakar bat burdin artean dagoen bitartean zutik egongo da Hatortxu. Urtero azkena izango denaren desioaz egin dugu lan, eta urtero berritu ditugu indarrak dispertsioa eta deserriari aurre egiteko. Milaka txori izan behar gara.

Distantzia, honek dakarren arrisku psikologiko, sozial eta ekonomiko guztiekin, dugu mendeku zigor. Bizi arriskua. Errepidea, isolamendua, erregistroak, bisitak, kristal kolpatuak, elkartasuna, maitasuna. Dispertsioak presoak eta hauen senideak zigortzea du helburu, baina herri honek behin eta berriz erakutsi du erasoen gainetik elkartasuna duela altxor nagusi. Konpromisoz, elkartasunez eta elkarlanaren bitartez, hau da, txori bihurtua, lortuko dugu sufrimendu guzti hau argazki hori bihurtzea. Ehunka, milaka kilometrotara ditugu senide eta lagunak. Baina 50 kilometro ere urrun da. Urrun ez den bakarra etxea da.

Inoiz baino gehiago burdinak hausteko garaia delako, HATOR, HATOR NESKA-MUTIL ETXERA! Gogoratu, abenduaren 17an Atarrabian, HATORTXUROCK 19, ‘Hautsi ditzagun burdinak, txori bihurtuta’.

Hatortxu Rock