Elkartasun giroz jantzi zenuten beste behin Hatortxu karpa, eta arratsalde eta gau benetan berezia izan zen larunbatekoa. Milaka pertsona batu ginen lelo eta oihu batean atzetik. “Zuek gabe, Etenik Ez!”. Hala ere, puntu ilunik ere bada Hatortxu Rocken 21. edizio honetan, lau eraso sexista salatu ziren-eta.
Mila esker berriz ere orru hau espetxeetako ziegetara edo deserriko txoko guztietara helarazteagatik, mila esker astebururo astebururo errepideetan bizitza jokatzen duten senide eta lagun horiei herri bat haiekin dutela gogoratzeagatik, mila esker etxerako bide trabatu horretan harri kozkor bat gehiago kentzeagatik, mila esker Hatortxu Rocken bitartez dispertsioaren aurkako borrokan gero eta gehiago garela azpimarratzeagatik, mila esker zu gu izateagatik.
Eta batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu ziren 650 boluntarioei. Jaialdi honen ardatz diren adin guztietako pertsona horiei. Zuek gabe ez legoke halako elkartasun jaialdi bat antolatzerik. Mila esker urte guztian zehar lanean aritzen zareten boluntario horiei, mila esker azken aste hauetan muntaian ibili zareten horiei, mila esker larunbatean segurtasunan, barran, gune seguruaren brigadetan, bideogintzan, tiketeran, lehiatilan, sukaldean, antipanikoan, arropa saltzen edo filtroan lanean ibili zareten guzti horiei. Eta aipamen berezia igande goizeko lehen orduan gunea garbitzera gerturatu diren guzti horiei. Hau guztia gabe ezinezkoa litzateke kilometroak elkartasunez leuntzea. Hau da gure lanabesa. Hau gara. Eta hau gabe ez dugu izaterik.
Lau eraso sexista
Hala ere, gure poza ez da erabatekoa. Hatortxu Rocken lau eraso sexista salatu ziren. Eta kezka baino gehiago, gure haserrea adierazi nahi dugu. Bat bakarra gehiegizkoa da. Eraso hauek direla-eta bi pertsona kanporatu genituen. Hatortxu Rock denontzako gune segurua izatea nahi dugu eta beraz, ez zarete ongietorriak. Zentzu horretan aurten, “Hatortxu Rock emakumeentzako gune segurua helburu” proiektua jarri dugu martxan eta honek erakusten digu oraindik ere jai esparruetan ere lan handia dugula egiteke. Eraso hauen berri Gune Seguruaren puntura jo zutelako izan genuen. Honek ez du esan nahi eraso gehiagorik egon ez denik. Gizarte guztiaren ardura da emakumeek pairatzen dugun eraso sexistekin amaitzea. Ez dugu aitzakiarik.
Urte luzea izan da hau. Hiru elkartasun jaialdi izan ditugu 365 eguneko tartean eta uztaileko zita bereziak markatu du, dudarik gabe, 2017 urtea. Elkartasuna dugu motore eta guk gureari ekiten jarraituko dugu denak etxean izan arte. Oraindik ere 305 euskal preso politiko daude, gehienak espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan urrunduta, eta asko dira deserritik etxera itzuli ezin direnak ere. Denak etxean izan arte, lanean jarraituko dugu.
Bi mila esker guztioi eta izan Hatortxu!