2017-10-09

HTX21 kartela: 12 talde

Gatillazo, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos, Rude Pride, Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Willis Drummond, Huntza, Las Tea Party-Woman Powah, Xavi Sarrià, Anita Parker eta Desakato

SARRERAK SALGAI

Ez dira hiru hilabete igaro Hatortxu Rock 20 erraldoia egin genuenetik. Eta hemen gaude berriz ere. Oraindik ere 315 euskal preso politiko daude espainiar eta frantziar estatuetako espetxeetan eta horregatik ez dugu atseden hartzeko betarik, ez behintzat denak etxean izan arte.

Eta hemen gaude Hatortxu Rock 21 aurkezteko. Abenduaren 16an, Atarrabian. Gatillazo, Glaukoma, Los Zopilotes Txirriaos, Rude Pride, Soziedad Alkoholika, Skakeitan, Willis Drummond, Huntza, Las Tea Party-Woman Powah, Xavi Sarrià, Anita Parker eta Desakato igoko dira oholtzara.

Sarrerak salgai dituzue dagoeneko esteka honen bitartez.

Mezua argia da. Lanean jarraitu beharra daukagu. Uztailaren 27tik 30era Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatu genuen, baina oraindik bidea egiteke dago. 315 euskal preso politiko daude etxetik ehunka kilometrotara urrunduta, honek senide eta lagunentzako suposatzen duen gastu ekonomiko eta bizi arriskuarekin (errepideak zortzi istripu eragin ditu aurten bisitetatik joan eta etorrian). Horregatik ezinbestekoa da gure helburuekin aurrera jarraitzea: elkartasun ekonomikoa eta presoek zein senide eta lagunek pairatzen duten egoeraren salaketa denak etxean izan arte. Zuek gabe, etenik ez.

Eta Hatortxu Rock osatzen duten guztiontzako mezua ere bada. Kasu honetan, “Zuekin, etenik ez” litzateke. Elkartasun eta auzolan olatu erraldoia izan zen hogeigarren edizioa. 6.000 pertsona baino gehiago elkarrekin, helburu baten atzetik bultzaka. Elkartasunez bakarrik ekarriko ditugu etxera eta Lakuntzan egon ziren guztiei dei egiten diegu bide horretan lanean jarraitzera. Boluntario, musikari eta ikusleak berriz ere batu gaitezen denak etxera ekartzeko.

Euskal Herriak aspaldi eskatzen du urrunketa eta dispertsioaren amaiera. Euskal preso politikoen kopurua ere behera doa. Baina ez da nahikoa. 316 asko dira, gehiegi. Bat bera ere gehiegi da-eta.

Denon artean ekarriko ditugu etxera! Zatoz!