2017-02-20

30 talde gehiago batu dira HTX20ko kartelera

Green Valley, Amparanoia, Bad Sound, Strombers, Non Servium, Zopilotes Txirriaos, Hesian, Lendakaris Muertos, Txuma Flamariqye & The Zaratamakers, Dakidarría, Riot Propaganda, Hibakusha, Auxili, Akerbeltz, El Diluvi, Revolta Permanent, The Guilty Brigade, Zea Mays, Tximeleta, Elepunto Vs Jotatxo, Occhi di Farfalla, Oreka Tx, Txarango, The Icer Company, Izerdi Gorria, Def con Dos, Leihotikan, Raperos de Emaus & The Titanians, Lurra eta Zoo.

30 izen berri batu ditugu euskal presoen eskubideen aldeko elkartasun jaialdi erraldoi honetara. Eta ez nolanahiko 30 izen. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak uztailaren 27tik 30era izango du bere 20. edizioa, eta, dakizuen bezala, Lakuntzan izango da. Eta gaurkoekin kartelak dagoeneko 50 izen ditu. Hala ere, asko dira oraindik ere batu egingo direnak.

Hatortxu Rockek urtero egiten du benetako ahalegin bat oholtza gainean soilik bertan ikusiko den zerbait eskaini aldera. Eta ahalegin hori biderkatu egin dugu aurten. Unea da errepresaliatu politikoen egoera behingoz errotik hartu eta konpontzeko, eta horretarako benetako zita berezia antolatzea ezinbesteko ikusi dugu. Horretarako elkartasun jaialdi hau posible egiten duten lau hankak martxan dira aspalditik. Jende asko dabil antolakuntzan duela hilabete ugaritik hona, uztaileko azken asteburuan dena prest egon dadin. Asko dira sarrerak erosten ari direnak. Asko ere txanda egiteko izen ematen ari diren boluntarioak. Eta kartela ere osatzen doa.

Kartel potentea eta gustu anitzetarako prestatutakoa igo nahi dugu oholtzara, eta helburu hori betetzen ari garela uste dugu. Zentzu honetan, eskerrak eman beharrean gaude jaialdi honen parte izateko gurekin kontaktuan jarri diren talde guzti horiei.

Oraindik ere talde asko ditugu kartela osatzeko eta datozeen asteetan joanen gara konfirmazio berriak ematen. Denon artean benetako jaialdi errepikaezin bat antolatu asmoz.

Txori askeen unea heldu da

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan dezakegu. Ia 350 euskal herritar daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak. Horregatik diogu 20. ediziora iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko duela berresten dugu. Denak etxean izan arte.

Horregatik hartu genuen jaialdi berezi hau aurrera ateratzeko konpromisoa. Helburu batzuekin jaio zen Hatortxu Rock: euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoera salatu eta ahal den neurrian, euren senideek dispertsioaren bitartez pairatzen duten zigor erantsi hori leuntzea.

Baina 20.a zenbaki bat baino gehiago da. Errepresaliatuen egoera agenda politikoen erdian kokatu beharra dugu. Horretarako denon beharra dugu. Eta Hatortxu Rock 20 musika jaialdi bat baino askoz gehiago izanen da eta euskal gizarte guztiari dei egin nahi diogu uztailaren azken asteburuan Lakuntzan antolatuko dugun jaialdi erraldoian parte hartzeko. Azken urteotan agenda askotik desagertarazi dute, eta kolpe bat eman behar dugu mahai gainean. Eta orain da une hori, “Txori askeen unea heldu da”. Bada garaia gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea. Egun horrek ez du etorkizuneko egun bat izan behar, egun horrek gaur izan behar du

SARRERAK

Sarrerak salgai dituzue esteka honetan. Promozio moduan, 60 euroren truke lau egunetako bonoa eros daiteke, kanpina barne egonen litzatekeelarik. Promozio hau aste batzuetan luzatuko da, edo sarrerak agortu arte.

Denon artean… Hator, hator neska-mutil etxera!