2016-12-16

HATORTXU ROCK 20; LAKUNTZAN, UZTAILAK 27,28,29 ETA 30

Zoritxarrez, Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak 20 edizio beteko ditu, eta zorionez, inoiz baino indartsuago gaude euskal preso politiko, iheslari eta deportatuek pairatzen duten egoerari aurre egiteko. Horregatik, 2017ko uztailaren 27tik 30era Lakuntzan ospatzekoa ez den Hatortxu Rocken 20. edizio berezi bat antolatuko dugu.

Hatortxu Rocken 19. edizioa egiten ari da gaur eta beste urte batez karpa jendez lepo bete dela aprobetxatu dugu 20. edizio berezi hau aurkezteko. 2009an Hatortxu Rock 10ekin egin genuen bezala, Lakuntzara iritsiko gara. Orduko emaitza ona ikusita, herriaren erantzuna eskertuta eta egin genituen akatsetatik ikasita, zerbait benetan berezia eskaintzeko moduan gaude. 10. Hatortxu hura hiru eguneko izan bazen, oraingoan beste egun bat gehiago gehituko diogu. Ostegunetik hasita, iganderaino luzatuko dugu elkartasun jaialdia.

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan dezakegu. 350 euskal herritar baino gehiago daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak. Horregatik diogu 20. ediziora iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko duela berresten dugu. Denak etxean izan arte.

Baina 20.a zenbaki bat baino gehiago da. Errepresaliatuen egoera agenda politikoen erdian kokatu beharra dugu. Azken urteotan agenda askotik desagertarazi dute, eta kolpe bat eman behar dugu mahai gainean. Eta orain da une hori, “Txori askeen unea heldu da”. Bada garaia gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea. Egun horrek ez du etorkizuneko egun bat izan behar, egun horrek gaur izan behar du. Gurekin behar ditugu gu ere aske izateko.

Horregatik deialdi honek, jaialdi honek, guztiona izan behar du. Inoi baino gehiago denon konpromisoa behar dugu aspaldian ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena aurrera atera nahi badugu, besarkada bat espetxe guztietara, deserriko txoko ilunetara iriste nahi baldin badu, denak etxera ekartzeko borondatea badugu.

Gaurkoan data eta lekua iragarri ditugu. Hemendik gutxira lehen konfirmazioak ere jakinarazi ditugu. Lau eguneko zita berez berezia baldin bada, oholtza gainean ikusi ahal izango dena are eta bereziagoa izatea dugu jomuga. Denon artean Hatortxu Rock berezi bat antolatu beharra dugu. Denon artean etxerako bide horretan aurrera pauso handi bat eman beharra dugu.

Sarrerak dagoeneko salgai dituzue internet bidez. Promozio moduan, hasiera honetan 35 eurotan izanen dira.

Denon artean… Hator, hator neska-mutil etxera!