LENDAKARIS MUERTOS

LENDAKARIS MUERTOS

Lendakaris Muertos bueltan da. Errekorrak eta albiste onak eskuartean, gainera:  historiako abesti laburrena duen kantu bilduma osatu dute, bestalde, bandako sortzaileetako bat, Asier “Aguirre”, taldera itzuli da. 

Hogei urte bete dituzte eta 2024an ospatuko dute ibilbidea, ia dena (ia) emango duten bira batekin. Hogei urte (ia bosturteko bat, Espainiako Kultura ministroaren arabera) daramatzate bizirik Lendakaris Muertos eta disko berriarekin ospatzen ari dira haien ibilbidea. Eta bide batez, martxan jarri ditu tontakeri-detektagailua. Kantu berrien hitzak entzunez gero, kaka artean bizi garela jabetuko zara eta, gainera, lixibarekin zuritutako uzkietatik zuzen-zuzenean irensten dugula.

Spainkiller eta Miedo a un planeta plano lanen ostean, diska berria formatu dugutalean, CD formatuan eta biniloan kaleratu dute. Sotamano lendakaritar berri bat, funtsean, bata bestearen atzetik korapilatutako kolpe segida dena. Alde guztietara banatu dituzte: ‘cayetano’-entzako badira, baita Nekane eta Oriolentzako, sancistentzako, futbolzaleentzako, bulegoko zurientzako…

Ohiko keinu, omenaldi eta fusilamenduak ere ez dira falta. Taldearen esentzia diren sarkasmo, irmotasun eta bizkortasuna. Azken ezaugarri hori da hain justu diskoari izena ematen dion “Mucho asco (casi) todo” kantuan gehien nabarmentzen dena. Segundu bat baino gutxiago irauten du abestiak. Munduko kanturik laburrenaren errekorra laportu dio Napalm Death-en “You suffer”-i. Luzeraz gain, harago iritsi dira nafarrak. Britainiarren kantua garrasi bat besterik ez den bitartean, Lendakaris Muertosen kasuan esaldi oso bat sartzeko gai izan dira, parentesi bat eta guzti (halere, ziur izango dela kantua diskako parterik luzeena suertatzen zaiola esaten duenik).

Hego Armailako futbolzaleen kontra egiten ere ausartu dira “Fuck Osasuna” kantuarekin (itsusikeri bat dirudi, baina funtsean, zaletu gorritxuen osasuna zaintzeko gomendioa besterik ez da); inozoentzako ingelesa ikasteko metodo azkarra; edota beste lendakari batentzako enkargua (Perro Sanxe).  Faxistek Che Guevara berria bihurtu duten arren, ez genuke ahaztu behar beltz bat agurtu ostean eskua garbitu zuen bera dela. Bera da hain zuzen ere diskako portadako protagonista; Mario Rivière artista madrildarraren eskutik.

Bueltan dira, beraz, Lendakars Muertos. Betiko punk doinuek lagunduta, tontokeriak albo batera utzita, amorerik eman gabe. Indarberrituta datoz, gainera. Bueltan baita, gitarra eskutan (zorroztasunez mintzatu eta jotzeko asmoz), taldeko hastapenetan izan zen Asier “Aguirre” hamarkada baten ostean (edo bosturteko baten ostean, Espainiako Kultura ministroaren arabera). Harekin izango dira Aitor “Ibarretxe” kantuan, Jokin “Garaikoetxea” baxuarekin, Potxeta “Ardanza” bateriarekin, Ivarn Karmona bigarren gitarrarekin eta Panda Hartza eta bere begizuloak, noski. Urteurren bira honetan estatuko eta Amerikako hamaika eszenatoki zapalduko dituzte urtean osoan zehar. Hogei urte (ia) dena ematen izena jarri diote birari. Gordeko duten puxka hori beste hogei urteetarako indarrak izango direlakoan gaude, beste bi hamarkadaz haiekin batera goza dezagun.

 

Urte askoan, Lendakaris Muertos!