2024-08-13

HTX ROCK 29, AGUR ATARRABIA

ETS, Süne, Maskak Marabiyak Sound eta DJ Reymik osatuko dute Hatortxu 29ko kartela

17 taldek osatuko dute Hatortxu Rocken azkenaurreko eta 29. edizioa, abenduaren 28an Atarrabian egingo dena: ETS, Süne, Maskak, Marabiyak Sound, DJ Reymi, Tatxers, Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua’n Salsa, Apotheke, Toc, Arene 6, Kop, Su Ta Gar eta Unidad Alavesa

Badoaz agurrak gerturatzen. Uda atzean utzi dugu eta badator Hatortxu Rocken urteroko zita. Dakizuen moduan, ez da baina beste urte batzuetakoen modukoa izango. Izan ere, azkenaurreko Hatortxua egingo da abenduaren 28an. Atarrabian lehen agurra ospatuko dugu egun horretan. 

Agur hauek bereziak izatea nahi dugu eta Lakuntzako azken Hatortxu Rocka baino lehen, gure ahaleginik onena egingo dugu Atarrabian gau berezi bat bizitzeko, egoerak eskatzen duen moduan, ospakizuna eta aldarrikapena uztartuz. Beste behin ere, musika erdigunean jarriz, euskal preso politiko, iheslari eta deportatuekiko elkartasunez milaka pertsona elkartuz.

Gaurkoan, zita berezi hori osatuko duten azken taldeak iragarri ditugu. ETS, Süne, Marabiyak Sound, Maskak eta DJ Reymik osatuko dute Hatortxu 29ko kartela. Aurretik beste 12 izen aurreratu genituen: Tatxers, Lendakaris Muertos, Roba Estesa, Sofokaos, Les Testarudes, Goxua’n Salsa, Apotheke, Toc, Arene 6, Kop, Su Ta Gar eta Unidad Alavesa.

ETS-k Euskal Herriko plazak eta salak txiki utzi ditu. BEC erraldoia ere hiru egunez segidan beteko du martxoan. Eta aurretik hau izango da haien musika dantzagarriaz gozatzeko aukera bakarra. 

Süne, modu berean, lehen aldiz egonen da Hatortxu Rocken bere proiektu berriarekin. Hainbatetan zapaldu du gure jaialdiko oholtza Huntza taldearekin eta orain, ibilbide honetan, ez du hutsik egin nahi izan eta Atarrabiari «agur» esatera batu da.

Maskak taldea, berriz, Ipar Euskal Herritik dator. Oihartzun handia lortzen ari da ibilbide laburrean, eta bere lehen lanarekin (‘Buruz buru’) aurkeztuko dira Hatortxu Rocken eszenatokian.

Gauari erritmoa jartzeko, aldiz, askotan gurean izan den norbait izango dugu. DJ Reimy arduratuko da atsedenari leku gutxi uzteaz. Eta, espiritu berean, Marabiyak Sound System behin betiko rave jasangarri gisa aurkezten da. Euskal Herriko lehen bike sound system mugikor eta autonomoa. Ez du inor axolagabe utziko. Eta, seguru asko, geldirik ere ez.

Konziente gara Hatortxu sorrarazi zuten kausa guztiak ez direla desagertu. Aldiz, argi daukagu denbora luze honetan garaipen asko eman direla. Eta horiek ospatu asmoz elkartuko gara Atarrabian, Hatortxuren izenpean egingo den azkenaurreko akelarrean.

Azken sarrerak, salgai

Azken bi Hatortxuetarako sarrerak salgai daude. Badago bietarako bonoa eskuratzeko aukera, 105 euroko prezioan. Esteka honen bitartez eskuratu daiteke.

https://www.enterticket.es/eventos/hatortxu-rock-986354

Era berean, Hatortxu 29rako azken sarrerak daude eskuragarri. 25 euroko prezioan lortu daitezke Atarrabiako azken zitarako txartelak. Bi edizioetarako bonoak lortzeko aukera, Hatortxu 29ko sarrerak agortzearekin batera amaituko da. 

Hator hator neska-mutil etxera!