2020-03-20

‘HTX20: Elkarrekin edozer dugu posible’ dokumentala, ikusgai

Astebete konfinamenduan, imajinatzen dituzu 18 urte? Horiek dira ‘HTX 20. Elkarrekin edozer dugu posible’ dokumentalaren lehen protagonistaren aitak lau hormen artean daramatzanak. Etxetik ehunka kilometrotara.

Aldea izugarria bada ere, etxean itxita gauden egun hauetan, ezinezkoa da hainbat urte edo hamarkada metro karratu gutxi batzuetan giltzapetuta daramaten euskal presoekin ez gogoratzea. Urteko egun bakoitzean alboan sentitzen ditugu eta, egun hauetan, inoiz baino gehiago.

Egoera honek, alde nabarmenekin bada ere, errealitate horretara gerturatzeko balio beharko luke. Hatortxu Rockek 21 urte daramatza preso, iheslari eta deportatuen egoera salatzen eta bide horretan hainbat mugarri izan ditugu. Horietako bat, 2017ko udan Lakuntzan antolatu genuen Hatortxu Rock. Euskal Herriak inoiz ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena izan zen. 6.000 lagunen auzolan erraldoi batek egin zuen posible lau egunetan 85 musika talde eta milaka lagunek ozen aldarrikatzea badela herri honek bizi izan duen gatazkaren ondorio nagusietako bat konpontzeko garaia.

Hau antolatzeko auzolana eta jaialdia bera dokumental batean bildu genituen. ‘HTX 20. Elkarrekin edozer dugu posible’. Iñaki Alforja zuzendari iruindarrak auzolan erraldoi horren parte izan ziren 20 lagunen istorioak bildu zituen. Orain, gure itxialdia eramangarriago egin eta oraindik 238 herritarren itxialdi luzeegia gerturatu asmoz, ikusgai jarriko dugu dokumentala.

Larunbat honetan, martxoak 21, eguerditik aurrera, gure Youtube kanalean ikusgai izango duzue.

Etxetik ere eraiki dezakegu etxerako bidea.

Denon artean, denak etxera!