2017-07-29

Asteburuarekin, jende uholdea

Arrasto sakona utziko du Hatortxu Rock jaialdiaren 20. edizioak, bai Lakuntzan, bai bertaratu direnengan. Elkartasunak mugarik ez duela erakutsi dute bertaratutako milaka eta milaka lagunek, eta, batez ere, jaialdia aurrera atera dadin lanean dauden boluntario guztiek. Eguraldiak lagunduta, giro goxoan iragaten ari dira egunak eta gauak. Atzo gauean euritan dantzan ibili ginen tarte batez, Gatibu musika taldeak ongi zioen moduan, baina tenperaturak bide ematen du kalean giro goxoan egoteko, eta jaialdiaren egunak gogo handiagoz gozatzeko. Kontzertu handiak izan ziren atzokoak, eta, aipatzekoa, Betagarri euskal taldearen agurra. Haren azken kontzertua eskaini baitu azkena izatea nahi dugun jaialdi honetan. Asteburua heltzearekin jende kopuruan igoera nabaria somatu da.

Gogor jo du eguzkiak ere gaurkoan goizean goizetik. Bero zapak ezinegon bilakatzen ditu kanpin dendak. Itzaletan daudenek ordu batzuk gehiago lo egiteko aukera izanen dute ziur aski, irratia emisioan hasten den bitartean gutxienez. Jendearen joan etorriak etengabeak dira, baita goizetan ere. Dutxatzeko aprobetxatzen dituzte askok lehen ordu horiek. Beste hainbatek ere ez dute oraindik logale zantzurik, eta parranda ahalik eta gehien luzatzen saiatzen dira. Mendi martxara animatu dira hogeitabost lagun inguru. Berian mendiko gailurra egin dute.

Txanda asko goizetan berrartzen dira, barra kasu. Beste batzuei erreleboa eman behar zaie. Jende jarioa ere etengabea da turnomanian. Lan handia izanagatik, txandan goizeko bostetatik daudenek ez dute umorea galtzen. Badira ere turnomanian txandak egiteko bere burua eskaintzen dutenak, behar denerako; edozein laguntza da ongietorria. Jendearen konpromiso eta elkartasuna

Hatortxu Rocken 20. edizioan indar berezia jarri dute kontzertuez gain, bestelako eskaintza bat ere egiteko. Etxerat eta Preso eta Senideen Aldeko Herri Ekimenak mahaingurua egin zuten ostiralean, eta, gaurkoan, Hitzaldi Internazionala egin dute Lakuntzako kultur etxean. Preso politikoen eta gatazkaren konponbidea jorratu dituzte. Hitzartzetan hainbat lekutako adibideak izan dituzte hizpide; alegia, Kolonbiako, Irlandako, Palestinako eta Euskal Herriko egoerak mahaigaineratu dituzte.

Naiz gunean ere bi ekintza jendetsu izan dira. Alde batetik, Emakumeak eta Musika hitzaldia egin dute Euskal Herriko sei musikariren artean 13:00etan. Zuriñe Hidalgo, Ane Bastida, Zuriñe Arakistain, Maria Rivero, Uxue Amonarriz eta Ariane Kamio mintzatu dira. Haien esperientzia eta iritziak partekatu dituzte, ez baita kasualitatea oholtzara igotzen direnen gehiengo zabala gizonezkoak izatea. Gero eta emakume gehiago eszenatokietara igotzen animatzen diren arren, bide luzea dago oraindik jorratzeko, eta espazio horiek ere emakumeek hartzeko.

Arratsaldeko hitzaldiak ere Naiz gunea bete du, Los Chicos del Maiz musika taldeko Negak Arnaldo Otegi elkarrizketatu baitu. Bi militante, bi errealitate eta iritzi anitz partekatzeko, historiaz, iraultzaz, botereaz eta bestelakoez.

Beriain guneko kontzertuei Juantxo Skalaria & Rude Bandek eta Alerta Gorriak eman diete hasiera. Kaotiko talde mitikoak jarraitu die. Eguzkiak oraindik gogor berotu arren, jende andana bildu da kontzertuetan dena ematera. Dena den, Beriain gunea jada irekirik egon arren, beste asko itzaletan deskantsatzeko profitatzen ari da arratsaldeko tartea, eguzkiaz ihesi.

Aurrekoetan bezala kontzertu dezente izanen dira ere gaurkoan. Hatortxurako preseski bildu diren hainbat taldek joko dute gaur. Oholtza gainean izanen dira, besteak beste, Des-kontrol, Ekon, Inadaptats, El Corazon del Sapo eta Kerobia. Azken gaualdi handia da, baina biharko egunak ere askorako emanen digula ziur gaude, beste hainbat kontzerturekin ere baitugu hitzordua.

Beraz, festa handia dugu aurretik, jaia eta borroka uztartzen diren festibal erraldoi honetan, erraldoia izaten ari delako ere elkartasuna. Presoen eta iheslariaren etxeratzearen aldeko mezua lau haizetara zabaldu dugu. Txalotzekoa da txandatan jo eta ke dabitzan milaka lagunak, guztien artean osatzen baitugu Hatortxu Rock. Erran ohi den moduan, “Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuk dena eman behar ez dezaten”.

Kerobia herriko plazan entsegutan dabilela emanen diogu amaiera gaurko kontakizunari. Egunean dena eman dugun moduan, bagoaz gauean ere, beste behin, barrenak hustera.