2017-07-27

Milaka lagun Lakuntzan hasiera-hasieratik

Euskal Herriak bizi izan duen elkartasun jaialdirik handiena. Askotan errepikatu dugu. Eta motz geratu gaitezke. Lehen ordutik jendetza gerturatu da Lakuntzara (bada atzo ere herri sakandarrera etorri zenik ere) eta bolondresek lan andana egin behar izan dute dena ongi antolatzeko. Amaigabeak ziruditen ilarak izan dira tarteka (bai takiletan, bai akanpalekura sartzeko) baina, itxaronaldi berotsuaren aurrean gogoa eta ilusioa izan dira protagonista.

Jaialdiari 19:00tan hasi den ekitaldi jendetsuarekin eman saio hasiera ofiziala. Bertan, eskerrik onena eman zaie hilabeteetako lanari esker Hatortxu Rock 20 posible egin duten pertsona guztiei eta; bestetik, jaialdiak behingoz euskal preso, iheslari zein deportatu politikoren etxeratzea duela helburu gogorarazi dute. Horregatik, Hatortxu Rock gehiagorik antolatu behar ez izateko igandean 13:00tan Beriain gunean “Nahikoa da… DENAK ETXERA!” lemapean antolatu den ekitaldi nazionalera gerturatzeko deialdi berezia egin dute.

Lakuntzako udaleko kideek ere beraien lekua izan dute. Lakuntzako herritarren lanaren garrantzia azpimarratzeaz gain bisitariei ardura eta errespetua eskatu diete bai herriarekin eta baita bertoko biztanleekin ere “Lakuntzak eman duena, Lakuntzak ere jaso dezan”.

Ekitaldia bukatu bezain laster “Kalera, Kalera” abestiaren doinuan harrera beroa egin zaio 8 egunetan Gernikatik Lakuntzarako bidea ibilian egin duen Kalera Martxari. Argi utzi dute antolatzaileek ez dela bakerik ezta askatasunik egongo kartzelan preso politikoak egoten jarraitzen duen bitartean. Horrez gain, Mozal Legearen ondorioak jasotzen dituzten milaka aktibista eta Altsasu eta Oreretako gazteak gogoan izan dituzte.

Hasiera honekin kontzertu eta bestelako zenbait jardueraz beteriko 4 egun geratzen dira aurretik. Milaka izan dira hasieratik eta milaka izango dira egun hauetan zehar Lakuntzan.