2017-04-01

Hatortxu Rock aurkezpen bira: 15 kontzertu Euskal Herrian zein nazioartean

“Denon artean, denak etxera”. Behin baino gehiagotan errepikatu dugu esaldi hau, eta inoiz baino sendoago esan nahi dugu. Gaur Lakuntzan herriari aurkeztu diogu jaialdia eta beste behin erantzun egin du. Bertan jaialdiaren hainbat xehetasun jakinarazi dizkiegu herritarrei: zerbitzuak, gune nagusiak, akanpalekua…

Musikaren bitartez egiten du dispertsioaren kontrako eta errepresaliatu politikoen eskubideen aldeko lana Hatortxu Rockek eta gaur ere hala izan da. Bertan izan dira Olatz Salvador eta Xabi Solano & DZ herritarren txaloak biltzen. Baina norbaitek txaloak bildu baditu hau Jabier Esteban izan da, Inocencioren paperean. Dispertsioa pairatutako Jabier Esteban euskal presoen eskubideen urraketaren inguruan deus ez dakien bizilagun baten papera hartu du eta hunkigarria izan da, oso.

Gaur Lakuntzan aurkeztu dugu jaialdia, baina ez da hemen amaituko. Guztira, gaurkoa barne, 16 aurkezpen eginen ditu Hatortxu Rockek, bai Euskal Herrian bai nazioartean ere. Apirilaren 14ean non eta Berlinen emango diogu hasiera birari, Estricalla eta Perlata taldeekin batera. Hilaren 16an, Gernikan, Aberri Egunean, Hesian eta Altxatu izango dira, eta 22an hitzordu bikoitza: Gasteizen Voltaia eta Strombers eta Senperen Revolta Permanent eta Kop. Biharamunean, apirilaren 23an, Zumaian, Lur J eta ETS izanen dira. Hilaren 29an, berriz ere, bi aurkezpen: Iruñeko Txantrea auzoko jaietan Oharkabe eta Bad Sound egonen dira eta Donapaleun, aldiz, Su ta Gar.

Maiatzak 5ean, Tolosan, Benito Lertxundi igoko da oholtzara eta Bilbon, Juantxo Skalari & The Rude Band eta Zartako K. Maiatzaren 13an Herrialde Katalanetan izango dira, Manresan, Def con Dos, Escuela de odio eta Niña Coyote eta Chico Tornadorekin batera. Elorrion, egun berean, Kepa Junkera eta Sorginak egonen dira.

Biharamunean, Iruñeko Baluarten Korrontzik ‘Nafar loreak’ ikuskizuna taularatuko du. Maiatzaren 19an, hitzordu bikoitza beste behin. Agurainen, Ruper Ordorika eta Madrilen, Non Servium eta DJ Jotatxo. Amaitzeko Parisera joanen da Hatortxu Rock eta bidaian lagun izango ditugu Zea Mays eta bertako Premiere Ligne.