2017-03-07

Lakuntza martxan, Hatortxu Rock auzolanean antolatuz

Abenduan lehen batzar bat egin eta gero, herri batzar irekia egin dugu gaur Lakuntzan. Hasieratik azpimarratu dugu Hatortxu Rock 20 errepikaezina izango dela, eta erronka izugarri hau aurrera aterako baldin badugu, denon artean egin behar dugula. Eta Lakuntza honen eredu izaten jarraitzen du. 2009an, Hatortxu Rocken 10. edizioan eredu izan zen, eta horregatik itzuli gara bertara. Eta besoak zabalik hartu gaituzte oraingoan ere.

Lehen batzar artan jende ugari batu zen eta gaur oraindik eta gehiago gerturatu dira udaletxeko Bilkura aretora.

Hatortxu Rockek 1999 urtetik jarraitzen dituen helburuak partekatu eta gero, herri komisio desberdinen sorrerari ekin diogu. Lakuntzako bizilagunak hasi dira hainbat lan-talde sortzen. Segurtasuna, komunikazioa, azpiegitura eta zerbitzu desberdinetan uztailan dena prest egon dadin. Herritarren hainbat duda argitzeko ere baliatu dugu gaurko ekitaldia.

Hemendik uztailera bitarte, hilabetero elkartuko gara Lakuntzan herri batzarretan. Argi daukagu euskal preso politiko, iheslari eta deportatuak etxera ekarri behar baldin baditugu Hatortxu Rock 20k ekimen bateratzailea izan behar duela eta soilik denon artean ekarriko ditugu etxera. Eta Lakuntzan hasi da lanean horretarako.

Denon artean, denak etxera!