INADAPTATS, HUNTZA, SOZIEDAD ALKOHOLIKA, DES-KONTROL, GLAUKOMA, ISEO&DODOSOUND, EKON, ESTRICALLA, KOP, BIZARDUNAK, TALCO, KAOS URBANO, TREMENDA JAURÍA, KEROBIA, LÁGRIMAS DE SANGRE, KAOTIKO, NARCO, EHUN KILO ETA ANESTESIA
Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak uztailaren 27tik 30era izango du bere 20. edizioa, eta, dakizuen bezala, Lakuntzan izango da. Eta gaur lehen konfirmazioak iragartzeko moduan gaude.
Hatortxu Rockek urtero egiten du benetako ahalegin bat oholtza gainean soilik bertan ikusiko den zerbait eskaini aldera. Eta ahalegin hori biderkatu egin dugu aurten. Unea da errepresaliatu politikoen egoera behingoz errotik hartu eta konpontzeko, eta horretarako benetako zita berezia antolatzea ezinbesteko ikusi dugu.
Zentzu horretan, oholtzak utzita dituzten hainbat talderen itzulera iragartzeko moduan gaude. Herrialde Katalanetako Inadaptats, Des-Kontrol, Ekon, Bizardunak, Kerobia eta Ehun Kilo dira kasu hau hauek. 12 urte dira Inadaptats eszenatokietatik jaitsi zela eta 20 Ehun Kilok Elgoibarko gaztetxean gauza bera egin zuenetik. Gainontzekoek urte gutxiago daramatzate fokuetatik kanpo, baina urteak dira zuzenean ezin izan ditugula ikusi. Eta ez da haiek ikusteko beste aukerarik izanen. Sei talde hauek zita honetarako elkartuko dira soilik, beraz ez galtzeko modukoa da.
Bestetik, lehen aldiz izango dira gurean Huntza, Kaos Urbano, Tremenda Jauría edo Lágrimas de Sangre. Lau estilo guztiz desberdin eta Hatortxu Rock eskaini nahi dugun aniztasunaren bidean jartzen dutena. Huntza gipuzkoarrak azken hilabeteetako taldea bilakatu da Euskal Herrian. Gauza bera esan dezakegu Tremenda Jauriaren inguruan espainiar Estatuan. Kaos Urbano bere Oi! musikarekin ere batu egin da Hatortxu Rocken mezura, eta Lagrimas de Sangrek ere ez du uztaileko elkartasun jaialdia galdu nahi izan bere hip-hop, rock eta reggae mezuaren bitartez. Aniztasunaren bilaketa horretan ere koka ditzakegu estrainekoz arituko diren Iseo&Dodosound nafarrak.
Kartelaren lehen aurrerapen hau osatzeko, ordea, Hatortxu Rockeko aspaldiko ezagunak diren hainbat talde izango ditugu gurean. Italiatik iritsiko da Talcoren ska eta punk musika, andaluziatik Narcoren doinu bereizgarriak, Euskal Herritik, era berean, Glaukomaren rap-reggaea, Soziedad Alkoholikaren thrash, hardcore, metal edo punk azkar eta indartsua, Estricallaren hardcorea, Kaotikoren rock bizia eta Anestesiaren metal eta hardcorea. Kartela borobiltzeko askotan gure elkartasun mezura batu den Kop hardcore punk taldea dugu.
Oraindik ere talde asko ditugu kartela osatzeko eta datozeen asteetan joanen gara konfirmazio berriak ematen. Denon artean benetako jaialdi berezi bat antolatu asmoz.
Txori askeen unea heldu da
Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan dezakegu. Ia 350 euskal herritar daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak. Horregatik diogu 20. ediziora iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko duela berresten dugu. Denak etxean izan arte.
Baina 20.a zenbaki bat baino gehiago da. Errepresaliatuen egoera agenda politikoen erdian kokatu beharra dugu. Azken urteotan agenda askotik desagertarazi dute, eta kolpe bat eman behar dugu mahai gainean. Eta orain da une hori, “Txori askeen unea heldu da”. Bada garaia gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea. Egun horrek ez du etorkizuneko egun bat izan behar, egun horrek gaur izan behar du. Gurekin behar ditugu gu ere aske izateko.
SARRERAK
Sarrerak salgai dituzue esteka honetan. Promozio moduan, 50 euroren truke lau egunetako bonoa eros daiteke, kanpina barne egonen litzatekelarik. Promozio hau aste batzuetan luzatuko da, edo sarrerak agortu arte.
Denon artean… Hator, hator neska-mutil etxera!