Mila esker HatortxuRock 18ko sarrera erosi duzuen guztioi. Oraindik aurretik hiru aste geratzen direnean, sarrerak agortu egin dituzue. Kartelak hasiera-hasieratik izan zuen ongietorriak ez du etenik izan eta inoiz baino lehenago geratu gara sarrerarik gabe. Mila esker berriro ere.
Datu hau, datu soil bat baino askoz gehiago da. HatortxuRock beti izan da elkartasun erakustaldi handia eta zuek aurten eman duzuena ez da txikiagoa. Denon artean egin behar dugu etxerako bide hau eta aurten erakutsi duzue bide honetan gero eta gehiago garela.
Sarrera guzti-guztiak agortu dituzue, beraz, egunean bertan ere ez da sarrerarik izango lehiatilan. Sentitzen dugu sarrerarik gabe geratu diren lagunengatik. Badakigu beste asko zirela elkartasun jaialdian parte hartu nahi zutenak. Hurrengo HatortxuRock bat antolatzeko beharra izatekotan, kontuan izanen dugu, eta saiatuko gara inor ez dadila sarrerarik gabe geratu.
Besterik gabe, mila esker guztioi berriz ere!