2016-12-18

Mila esker elkartasun erakustaldi berri batengatik, erronka handia dugu aurretik

Elkartasun giroz jantzi zenuten lehen ordutik Hatortxu karpa, eta sarrerak jaialdia bera baino bost aste lehenago agortzeak iragartzen zuen bezala, arratsalde eta gau benetan berezia izan zen atzokoa. Milaka pertsona batu ginen oihu batean atzetik. “Hator hator neska-mutil etxera!”

Mila esker berriz ere orru hau espetxeetako ziegetara edo deserriko txoko guztietara helarazteagatik, mila esker astebururo astebururo errepideetan bizitza jokatzen duten senide eta lagun horiei herri bat haiekin dutela gogoratzeagatik, mila esker etxerako bide trabatu horretan harri kozkor bat gehiago kentzeagatik, mila esker Hatortxu Rocken bitartez dispertsioaren aurkako borrokan gero eta gehiago garela azpimarratzeagatik, mila esker zu gu izateagatik.

Nola ez, eskerrik handienak ere Hatortxu Rock bezalako musika eta elkartasun jaialdi bat eraso sexistarik gabeko gune egiten laguntzeagatik.

Eta batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu lanean aritu ziren ehunka boluntarioei. Jaialdi honen ardatz diren adin guztietako pertsona horiei. Zuek gabe ez legoke halako elkartasun jaialdi bat antolatzerik. Mila esker urte guztian zehar lanean aritzen zareten boluntario horiei, mila esker azken aste hauetan muntaian ibili zareten horiei, mila esker atzokoan segurtasunan, barran, tiketeran, lehiatilan, sukaldean, antipanikoan, arropa saltzen edo filtroan lanean ibili zareten horiei. Eta aipamen berezia gaur goizeko lehen orduan gunea garbitzera gerturatu diren guzti horiei. Hau guztia gabe ezinezkoa litzateke kilometroak elkartasunez leuntzea.

Ehunka gara bai, baina askoz gehiago behar ditugu uztailean dugun erronkari aurre egiteko. Milaka izan behar gara. Urteetan ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena antolatzea dugu helburu. Mahai gainean kolpe bat emango duen jaialdi handi bat. Eta horretarako indarrak biderkatu behar ditugu. Auzolanaren bitartez ekarri behar ditugu etxera, soilik denon bultzadaz, denok elkarrekin lan eginez.

Bi mila esker guztioi eta izan Hatortxu!