ETS (En Tol Sarmiento, Iekora, Araba, 2005) 19 urteko hazkunde mailakatuaren ondoren, Euskal Herriko musikaren gailurrera iritsi da. Euskaraz gehien entzuten den taldea da (104 milioi stream eta 441.000 entzule hilean), sareetan gehien jarraitzen dena eta zuzenekoetan jende gehien mobilizatzen duen musika-proiektua. Horren erakusle da 2025ean ospatuko duten 20. urteurreneko iragarpenak izan duen oihartzuna, 40.000 sarrera saldu baititu ordu gutxitan, urte eta erdi falta denean. Taldea historia egiten ari da bere lurraldean, marka guztiak hautsiz. Mementoko banda da.
ETSren historia ska-rockari lotuta dago, nahiz eta egungo estetika musikala pop-aren eta mestizajearen inguruan kokatzen den. Estilo berrien bilakaerak eta horietara egokitzeak pixkanaka hazten joan den publikoa konbentzitu du. Gaur egun, ETSk estudioko sei lan ditu eta zuzeneko bat.
Gainera, euren abesti asko benetako ereserki bihurtu dira, mugak gainditzeraino. ETSk eboluzionatu egin du, belaunaldien arteko banda soilik ez, gizarte oso baten erreferentzia ere baita.
ETSk eskaintzen duen ikuskizuna jai-girokoa da gehienbat eta soinuan eta argietan xehetasunez mimatutako lan batetik haratago doa, ikuslearengana iristea eta kontzertuaren partaide bihurtzea lortuz. Taldearen emanaldi indartsuetan, energia nonahi pizten da, festa, dantza eta erraietaraino iristen den giroa sortzea lortzen dute. Bizitza beraren ospakizuna da.
Arabako taldea ere iraultza txiki baten protagonista izan da eremu sozio-linguistiko euskaldunean; izan ere, gaztelaniaz bakarrik kantatzen hasi ziren, eta sormen prozesua eraldatzen eta heltzen joan dira, euskara hutsean abesten amaitu arte. Eremu ez euskaldunetan euskarazko musika-proiektu handi bat profesionalizatu eta sendotu daitekeela erakusten du taldeak.
2022ko amaieran argitaratutako “Guretzat” lanarekin taldeak aurreiritzi musikal guztiak hautsi ditu eta dagoeneko euskarazko modako pop musika banda gisa finkatu da.