ARENE 6

ARENE 

Arene 6 Bizkaiko kostaldetik, Algortatik, datorren taldea da. Boskote bezala elkartu ginen Iñaki (bateria), Koldo (baxua), Jokin (gitarra), Josu (gitarra) eta Ibon (abeslaria) 2018. urte amaieran.

2019.urtean zehar, eta taldeak izan zuen geldialdia tartean, Josuk taldea utzi eta Altonaga sartu zen gitarra astintzera.  2022ko urtarrilean “Errautsetatik” diskoa argitaratu genuen, taldearen lehen 10 abestiak jasotzen dituen disko luzea.

Hurrengo urteko, 2023ko otsailean, bigarren lana argitaratu genuen: “Bereizezinak”, kilometroz kilometro hasieratik hor egon direnei eskainitako hiru abestiko EPa.

Urte bereko apirilean, single formako lana kaleratu genuen plataforma digitaletan, laster formatu fisikoan argitaratuko dena: Telesforo Monzonek idatzitako eta Pantxoa eta Pellok musikaltutako “Txikia” abestiaren bertsioa.

Taldea 5 kidek osatzen dugu, guztiok talde ezberdinetatik etorriak. Koldo, baxularia, Garrasika, lehen maketa eta disko bat duen taldea, eta Item nº0-tik dator; Altonaga, gitarjolea, Gorian-etik dator, metal melodikoa jorratzen duen taldea; Jokin, Smoking Barrelsen parte izan zen gitarjole gisa, “…and we found our place” izeneko disko luzea kaleratu zutenak; Iñaki, bateria jotzaileak, eta Ibon, bere momentuan maketa eta hiru diska luze kaleratu zituen Erasokaren parte izan ziren bezala; gaur, Doubling Boys talde mitikoaren parte dira; Ibon, bere aldetik, disko luzea eta 10” bat kaleratutako MadSkins taldean gitarjole bezala dabilen bitartean.

2023ko urte amaiera honetan, taldearen laugarren lanak ikusi du argia, 4 abesti jasotzen dituen 12” SPLITa. Disko hau Iruñerriko Streetwise taldearekin elkarbanatzen dugu. Gure aldetik, bi abestiak euskara hutsean dira, eta beti bezala, gure letretan;  lagunak, oroitzapenak, herria, auzoan bizitakoak… dakarzkigu gogora.