Hitzak agortu egiten dira, urtez urte Hatortxu elkartasunez betetzen duzuenean. Mila esker boluntario guztioi, mila esker eszenatokira igo zineten guztioi eta mila esker orain ajeari aurre egin behar diozuenei. Mezu argi bat helarazi dugu. Gertu gaude, prest, denak etxeratzeko
«Gu hemen egongo gara zuen eskubideen alde borrokan, gaur bezela. Gertuago zaudetelako baina gu ere gertuago gaudelako! Azken presoa etxean egon arte ez gara geldituko», horrela esan zion Xochitl Karasatorrek atzo bere aitari, Iruñeko espetxetik Hatortxu zuzenean ikusten ari zela baliatuz. Eta esaldi honek laburbiltzen du larunbat arratsalde eta gau honetan Atarrabian bizi izan dugunak.
‘Gertu ditugu, gertu gaude’ lelopean antolatu dugu Hatortxu Rocken 27. edizio hau. Eta lelo hori sinetsita atera gara zitatik. Milaka lagunek egin genuen bat elkartasun gau erraldoi berri bat bizitzeko. Ozen esateko, beste behin, behingoz amaitu beharra dagoela dispertsio politikarekin eta euskal errepresaliatu politiko guztiak etxean egoteko garaia gaudela. Gertu gaude, prest, azken pauso hori emateko.
Azken hilabeteetan aurrera pausoak eman dira dispertsioarekin amaitu eta presoen afera konponbidean jartzeko. Baina oraindik bidea eta lana dago aurretik. Eta hauek ez dira bakarrik egingo. Orain arteko aurrera pauso horiek ez dira inertzia edo denboraren eraginez izan. Herritar ugarik hamarkadetan zehar egin duten lanari esker izan da. Atarrabian bizitakoa, horren erakustaldi berri bat izan zen.
Horren eredu izan zen atzo, jaialdiaren erdian, egin zen ekitaldia, non Etxerat, Sare, Herrira, Mirentxin eta beste hainbat herri ekimen egon ziren presente. Urte guzti hauetan egin den lanaren eta oraindik egiteko dagoenaren adierazgarri. Luzeegi doan auzia da hau eta amaiera jartzeko unea da, aspalditik. Hatortxuk, jai eremutik, bere aletxoa jarri zuen.
800 lagun elkartu gara auzolanean elkartasun jaialdi hau posible egiteko. Eszenatokian, 18 talde eta barraren beste aldean milaka herritar jaiaren bitartez ere bere aletxoa jartzeko prest. Denak ezinbestekoak. Denei gure eskerrik handiena!
Hatortxu Gune Segurua
Hatortxu Rock jai esparru bat da. Aldarrikapena jaiaren bitartez egiten duen ekimena. Eta atzokoan ez zen eraso matxistarik salatu Gune Seguruak eskaintzen dituen baliabide ugarietan. Argi daukagu horrek ez duela %100ean bermatzen eraso matxistarik izan ez zenik, baina eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratuko guztiei denon artean Hatortxu Gune Seguru bihurtzen laguntzeagatik eta benetan giro oso goxoko gau bat posible egiteagatik.
Eraso matxistak ekiditeko lanean indar handia jarri dugu aurreko asteetan. Gaia sozializatzeko ahalegin berezia egin da, baita erasotzaileak interpelatu ere, Hatortxun ongietorriak ez direla gogora ekarriz eta horrek ere bere emaitza eman du. Hatortxu Rockeko antolakuntzak bide beretik jarraituko du lanean, gure jaialdia guztiontzako espazio seguru eta gozatzeko leku izan dadin.