2021-10-14

Hatortxu Rock 25, abenduak 18, Atarrabian

SARREAK AGORTUTA

Beste urte batez, hemen da Hatortxu Rock. Urte eta erdi berezia daramagu soinean. Berezia, gogorra, zaila… hamarnaka adjetibo jartzen ahal zaizkie atzean utzi ditugun hilabete guzti hauei. Aurretik zetorrenaren inguruko ezjakintasuna ere izan da nagusi denbora honetan zehar. Baina, guzti horren gainetik, Hatortxu Rockek ideia bat argi izan du: lanean jarraitu beharra dago.

Eta hemen gaude. Iaz, ikus-entzuneko produktu baten bidez esan genuen ‘Inoiz baino gehiago’ behar gintuztela haien eskubideak urratuta ikusten dituzten euskal errepresaliatu politiko guztiek. Pandemiak eten egin ditu elkartasun ekimen gehienak. Gure kasuan, euskal preso politikoen senideek pairatzen duten dispertsio politika salatu eta horrek dakartzan gastu ekonomiko izugarriei aurre egiteko beharra ikusita ahal zen neurrian egin genuen lan. Ekimenak eten gastuek hor jarraitzen duten bitartean. Ekuazio ezin negatiboagoa.

Denbora honetan, baina, ez dira guztiak albiste txarrak izan. Buruz ikasi behar izan dugun espetxe zerrenda luze hori asko laburtu da eta dispertsioaren mapa, nahiz eta oraindik desagertu ez, asko txikitu da. Baina helburua ez da bete. Esan dugun bezala, ez baita desagertu. Oraindik ia 200 euskal preso politko daude espetxean eta haietako asko etxetik ehunka kilometrotara. Etxeko ate hori zeharkatzea da jomuga. Eta, beraz, azkenak bide hori egin arte, lanik ez da faltako. Kilometro guztiak metro bilakatu behar ditugu. Distantziarik txikiena ere desagerrarazi arte.

Eta gaurko egunez, denok ezagutzen dugun Hatortxu Rock bat antolatzeko moduan gaudela esan dezakegu. Edo behintzat hortik ahalik eta gertuen dagoen bat. Iazko etenearen ostean, Atarrabiako karpara itzuliko gara abenduaren 18an. Koronabirusak sortutako osasun larrialdi egoeraren aurkako murrizketa neurriak bertan behera geratuta, berriz ere Hatortxu Rock antolatu eta gozatzeko moduan gaude. Hori bai, unean indarrean dauden osasun neurri guztiak bermatuko dira.

Konsziente gara data horren aurretik osasun egoera hori berriz ere alda litekeela eta beraz, horretarako prest ere egon beharko dugu. Bertan, gure esku dagoen guztia eginen dugu jai eta aldarrikapen egunaz gozatu eta, era berean, modu arduratsu batean jokatzeko bizi izan dugun osasun krisiaren aurrean. Horretan ere gure indarrak biderkatu beharko ditugu aurten. Denon artean egiten dugu jaialdi hau urtero eta denon artean egin beharko dugu jaialdi hau modu aproposean gauzatu ahal izatea.

Denon artean. Hori da Hatortxu Rocken indarra. Eta bi urtez elkar ikusi gabe egon ostean, bada berriz ere indarrak batzeko ordua. Auzolanera itzultzeko garaia. Guztion ahalegin berezia beharko dugu denbora epe labur honetan elkartasun jaialdia ahalik eta hobekien antolatzeko. Milaka orru azken ziega zulora.

Sarrerak igande honetan, 20.00etatik aurrera, egonen dira salgai, www.hatortxurock.eus webgunearen bitartez. Hala ere, iazko edizio berezian sarrera erosi zutenek aurresalmentan lortzeko eskubidea ere bereganatu zuten eta posta elektronikoz aurretik igorriko zaie sarrerak lortzeko aukera. 20 euroko prezioa izango dute sarrerek aurresalmentan eta 25ekoa egunean bertan, oraindik sarrerarik balego. Lortutako etekinak, beti bezala, dispertsioaren aurkako lanera bideratuko dira.

Datozen asteetan emanen ditugu jakitera jaialdiaren oholtzara igoko diren taldeak, baita jaialdiaren beraren inguruko informazio osatuagoa eskaini ere.

Hatortxu 26

Baina hau ez da gaurkoan eman nahi dugun berri bakarra. Elkartasun hori erraldoia, gero eta handiagoa, izatea ere badelako gure helburua. Etxerako bide hori eraikitzerakoan esku guztiak dira ezinbestekoak.

Eta hori dela-eta, azken urtean antolatu ezin izan diren ekimen guztiak kontuan hartuta eta dispertsioaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta, uztailean zita berezi bat antolatzeko lanean ari gara. Oraingoz asko aurreratu ezin dezakegun arren, 2022ko uztailaren 29 eta 30ean bi eguneko jaialdi bat prestatzen ari gara, beti ere koronabirusak eragindako osasun krisiaren egoerak ahalbidetuko balu. Gure ohiko etxean, Atarrabian, izanen da hau ere.

Milaka lagun behar ditugu gero eta gertuago ikusten dugun dispertsio politikaren amaiera gauzatzeko. Baina azken kilometroa metro bilakatu arte, azken furgoneta bidaia etxe atariko besarkada bihurtu arte, lanean jarraitu beharra daukagu. Eta horretarako zuen guztion laguntza behar dugu. Auzolanean, elkarrekin eta lanerako grinez amaituko dugu dagoeneko hiru hamarkada baino gehiago luzatu den zigor honekin.

Denon artean, denok etxera!
Hatortxu Rock