2018-09-23

Hatortxu Rock 22: Urak eginen du bide

Mafalda, Kaleko Urdangak, Talco, Des-kontrol, Zartako-K eta Belako. Sarrerak dagoeneko salgai dude eta esteka honen bidez eskura ditzakezu.

Hatortxu Rockek 22. edizioa antolatuko du abenduaren 29an, Atarrabian. Aurtengo leloa, “Urak eginen du bide” izanen da. Gaur kartelaren lehen zatia aurkeztu dugu eta Talco, Des-Kontrol, Kaleko Urdangak, Zartako-K, Belako eta Mafalda taldeek elkartasunez josiko dute gau berri bat.

“Urak eginen du bide” euskal esaera zaharra da, denborak bakoitza bere lekuan jarriko duela dioena. Ura indarra da. Ura harririk handiena hautsi eta higatzeko gai da, munduari forma berriak emanez. Beti bilatu eta aurkitzen ditu aurrera jarraitzeko bideak, gure herriak bezala.

Azken hilabeteetan zehar berri eta zurrumurru asko entzun dira euskal preso politkoen egoeraren inguruan: gradu aldaketak, urrunketaren amaiera… Baina oraindik 270 euskal herritar daude espetxeraturik. Oraindik ere ehunka dira astero-astero errepidea hartu behar dutenak senide edo lagun bati bisita egiteko. Zentzun honetan, frantziar Estatuan pausoren bat ikusi ahal izan dugun arren, Madridek ez du hatzik mugitu.

Urrutira joan gabe, aurten senide eta lagunek hainbat istripu pairatu dituzte eta Algecirasera zihoan autobusa harrikatu egin zuten. Bertan 11 lagunek bidaiatzen zuten, Algecirasetik Puerto eta Sevillako espetxera bidean zeuden, bertan senide gehiago jasotzeko, erasotua izan zenean.

Kartela, berezitasunez josia

Eta, guretzako, ezinbestekoa da aurrera egitea. Horregatik, beste urte batez, Hatortxu Rockek elkartasun gau berezia antolatuko du abenduaren 29an. Azken urteetako moduan, Atarrabiako Entrecementerios guneak hartuko du musika jaialdia. Helburua, noski, elkartasuna eta euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoeraren salaketa musikaren bitartez lau haizetara zabaltzea.

Urtero moduan, oholtzara eskaintza berezi bat igotzen saiatu gara. Zartako-K Tafallako taldea da Atarrabian agertokira igoko diren taldeen zerrendako lehena, eta abenduaren 29a izango da nafarren street-ska erritmoak ikusteko azken aukera. Hatortxu Rocken jarriko diote amaiera 10 urteko ibilbideari.

Gurekin egonen dira ere Des-kontrol taldeko kideak. Agertokietatik kanpo edo beste proiektu batean murgilduta hainbat urte egin ostean, Hatortxu Rocken 20. edizio berezian itzuli ziren eta ordutik elkartasun zita gutxi batzuetan baino ezin izan ditugu ikusi. Iaz Lakuntzan gurean egon eta gero, aurten Atarrabian gozatu ahal izango dugu haien zuzeneko ikusgarriaz.

Herrialde Katalanetak Mafalda taldeak urriaren 5ean aurkeztuko du haien lan berria, “Palabras forman caos”, haien aurreko diskarekin, “La última vez que te escucho”, aurreikuspen guztiak hautsi eta Euskal Herriko plaza eta jaialdi guztiak zutik jarri ostean. Gainera, Hatortxu Rocken joko dutena, Euskal Herrian egingo duten diska berriaren aurkezpena izanen da.

Kaleko Urdangak, bestetik, lehen aldiz igoko dira Hatortxu Rocken oholtza gainera. Aurten ‘Biolentzia 1984’ eta ‘Kaleko Urdangak & 4 anai’ lanak plazaratu dituzte eta hazkunde paregabean datoz azkenaldian.

Baina Bergarakoak ez dira Hatortxu Rocken aurten estreinatuko diren bakarrak. Belako ere lehen aldiz izanen da elkartasun jaialdian. Mungiako post-punk taldeak bere euskarazko eta ingelesezko abestiak ekarriko dizkigu, aurten argitaratutako ’Render Me Numb, Trivial Violence’ lanarekin.

Lehen aurrerapen hau osatzeko, Talco veneziarrak ere Atarrabian izanen dira. Haien ska erritmoak ezagunak dira Hatortxu Rocken eta beti erdietsi dute elkartasun jaialdia hankaz gora jartzea. Aurtengoa ez da desberdina izanen

Aste gutxitan kaleratuko dugu kartela osorik.

Oraindik ere harri handiak ditugu higatzeke, denak etxera ekarri eta gure herriari askatasun forma bat emateko, eta, denok elkarrekin, aurrera egiteko bidea aurkitzeko. Bide hori eraikitzeko lanetan lanabesa da Hatortxu Rock.

Denon artean, denak etxera!
Hator, hator neska-mutil etxera!