2017-06-10

Gehiengo sindikalak bat egin du Hatortxu Rockekin

Bost aste baino ez dira falta Hatortxu Rocken 20. ediziorako eta gero eta indar gehiago batzen ari dira elkartasun jaialdira. Gaurkoan LAB eta ELA sindikatuekin bildu gara. Bileran egoterik izan ez duten arren HIRU, CGT, ESK eta Steilasek ere haien babesa agertu diote Hatortxu Rocki.

LAB sindikatuko Arantza Ibargoien eta Igor Arroyo eta ELA sindikatuko Mitxel Lakuntza eta Imanol Paskual izan dira Lakuntzan. Dispertsioarekin amaitzeko alor desberdinetan, jende desberdinarekin eta ekimen desberdinekin egin beharreko lana azpimarratu dugu bileran zehar. Bakoitzak bere aldetik tiraka, norabide berean, preso guztien etxeratzea lortu arte. Kasu honetan, Hatortxu Rock 20 aurrera ateratzeko beharrezko indarra nabarmendu dugu eta sindikatuek auzolanean laguntzeko konpromisoa ere hartu dute.

Indar guztiak beharko ditugu uztailaren 27tik 30era inoiz ezagutu dugun elkartasun jaialdirik handiena antolatzeko. Eta handiena izango bada, gizartearen esparru desberdinetaraino iritsi behar gara. Lan horretan, eragile desberdinekin biltzen ari da Hatortxu Rock, eta LAB, ELA, HIRU, CGT, ESK eta Steilasek ere bere alea batu nahi izan du auzolan honetara.