2023-10-28

Hatortxu Rock 28: Amaiera berri bat

17 talde, amaiera berri baten bila

EROSI ORAIN ZURE SARRERAK

24 urte pasa dira Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu genuenetik. Ordutik, milaka kilometro egin ditugu errepideetan, eta bidean uzi ditugu istripuak, hildakoak, Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeak, bidesariak, mapak, nabigatzaileak, zerbitzuguneak…

Hala ere, milaka herritarren konpromisoa eta elkartasuna ere badira bide luze horren parte. Horri esker iritsi gara, hainbeste urte eta gero, dispertsio politika krudelaren amaieraraino. Lan nekaezin horri esker heldu gara hainbeste desiratutako amaiera horretara.

Orain, ordea, amaiera berri bat dugu jomugan. Erronka berriak ditugu, ETXERA bidean jartzeko. Horregatik egingo dugu Hatortxu Rock-en edizio berri bat, abenduaren 16an Atarrabian, euskal errepresaliatu politikoekiko eta hauen senideekiko elkartasuna biltzeko.

Guztira, 17 taldek egingo dute bat aurtengo Hatortxu Rock-ekin: Los Chikos del Maiz, Huntza, Tropa do Carallo, Dupla, Los Zopilotes Txirriaos, Auxili, Liher, Skabidean, Stay Homas, Streetwise, Burutik, Baizera! , Etxepe, Arkada Social, Ibil Bedi, Dj Reimy eta Dj Trapella.

Talde batzuen kasuan, tarte baterako azken kontzertua izango da Hatortxu Rock-ekoa. Liherrek, adibidez, “etenaldi luze bat” iragarri du, eta horren aurretik egingo duten birako azken kontzertuetako bat izango da Atarrabiakoa, Nafarroan azkena. Huntzaren kasuan, Bilboko Miribillako agur kontzertuaren aurretik azkeneko kontzertua izango da Hatortxukoa. Eta Skabideanek ere azken aldiz joko du, 2024ko amaieran atera asmo duten diskoa prestatzen jarri aurretik. Sarrerak salgai daude Hatortxu Rocken webgunean (www.hatortxurock.eus) , 25 eurotan.

Auzolanak eta elkartasunak ez dutelako etenik, abenduaren 16an Atarrabian ikusiko dugu elkar.