Irirtsi da Hatortxu Rock elkartasun jaialdiaren 20. edizioari ekiteko unea. Orduak elkartasuna eta musika inoiz ezagutu ez diren mailan bizitzeko. Ostegunetik hasita eta igandera arte elkartasunak ez du etenik izango, eta ez soilik eskenatoki gainean. Hitzaldia, mendi martxak, herri bazkariak…
84 talde oholtza gainean euskal preso politiko, iheslari eta errefuxiatuen eskubideen alde eta haien senideek pairatzen duten urrunketa eta dispertsio politikarekin behingoz amaitzeko zarata eginez.
10:00etan irekiko ditugu akanpalekuko eta Naiz eta Jantoki guneetako ateak. Hala ere, harrera ekitaldia 18:30ean izango da, Lakuntzako plazan, eta musika ez da 19:30ak arte hasiko. Sorkunek joko ditu lehen elkartasun akordeak herrian, eta El Sonido de la Metralla eta Leihotikanek irekiko dute Beriain gunea. Gurekin izango dira gaur ere Willis Drummond, Raperos de Emaus, Esne Beltza, Estricalla, El Diluvi, Soziedad Alkoholika, Narco, Skakeitan, Porco Bravo, Tximeleta, Green Valley, Dakidarria, Def con Dos, Strombers, eta Elepunto vs Jotatxo. Hau guztia baino lehen, Kalera Martxari ere harrera eginen diogu herriko plazan.
Hilabete ugariko lana
Prest gaude. Prest dago Lakuntza Hatortxu Rock 20 hartzeko. Milaka pertsona espero ditugu asteburu guztian zehar, eta ziur gaude ahaztezina izango den asteburu luze bat dugula aurretik. Sinetsita gaude egin dugun lanak bere fruituak emango dituela, eta elkartasun erakustaldi berri honek aurrera pauso bat suposatuko duela Euskal Herriak bizi izan duen gatazka armatuaren ondorioak gainditzeko bidean. Oraindik ere erabakia hartu ez duzuenei, “Kristal Kolpatuak” ereserkiaren zati bat: “Zatoz! Zure ondoko hutsunean nago”. Hatortxu Rock 20 denon jaialdia da eta denon artean egingo dugu ahaztezin.
Hilabete ugari eman ditugu lanean dena behar bezala atera dadin. Azken asteak neketsuak izan dira, baina auzolana ere ederra izan da eta prest gaude erronka erraldoi honi aurre egiteko. Aurretik ere Lakuntzako herritarrak lanean aritu diren arren, uztaila guztian zehar Euskal Herriko puntu desberdinetako lagunak izan ditugu prestaketetan laguntzen. Ehunka lagun pasa dira Lakuntzatik aste hauetan. Gure eskerrik beroena jende guzti horri. Gu denok gara Hatortxu Rock!
Hala ere, gogoratu beharra daukagu oraindik txandak ditugula betetzeko. 6.718 txanda ezarri genituen jaialdiak behar bezala funtzionatzeko. Ikusgarria izan da Euskal Herriak eman duen erantzuna ere, baina oraindik ere batzuk falta zaizkigu eta bertan, “Turnomania” izeneko puntuan izena ematera gonbidatzen dugu etorriko den pertsona oro.
Azkenik, jaialdiaren inguruko xehetasun guztiak jarraitzeko HTXren aplikazioa jaistea gomendatu nahi dugu. Bertan topa ditzakezu azken berriak, informazio gaurkotua, plano, kontzertuen ordutegia, etab.