2017-03-20

85 taldek osatuko dute Hatortxu Rock 20ko kartela

Governors, Esne Beltza, Berri Txarrak, Betagarri & Xavi Sarria i Miquel Gironés (Obrint Pas), Jo & Swiss Knife, Arkada Social, Vendetta, Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band, Doctor Deseo, El Corazon del Sapo, Bultz, Itaca Band, Willis Drummond, Sorkun, Anari, Skontra, Ken Zazpi, Gatillazo, Su ta Gar, Zartako-K, Enkore, Dj Reimy, El Sonido de la Metralla, Porrotx, Reviverb Live, Trikidantz, Mafalda, Gatibu, Gozategi, Liher, Sara Hebe, Porco Bravo, Juantxo Skalari & La Rude Band eta Dremen.

Hemen daude falta ziren izenak. 50ekin nahikoa ez eta beste 34 talde batu dira Hatortxu Rock 20ko kartelera. Hasiera-hasieratik esan genuen herri honek aspaldian ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena antolatuko genuela eta hau denon artean egin behar genuela. Bada, 84 talde taularatzea horren proba froga argiena baino ez da.

Eta beste behin, hainbeste izenen artean, gustu anitzetarako kartela osatu da. Bertan izanen dira Hatortxu Rocken aspaldiko lagunak eta hutsik egin ezin zezaketen Esne Beltza, Berri Txarrak, Arkada Social, Vendetta, Sorkun, Ken Zazpi, Gatillazo, Su ta Gar, Gatibu edo El Sonido de la Metralla iruindarrak ere. Baina Hatortxu Rocken, etxeko talderen bat baldin badugu, hau Governors da. Arrasatearrek eman zioten ereserkia elkartasun jaialdiari, eta 20. edizio honetan ezin zuten hutsik egin. Eskenatokietara itzuli egingo dira, baina aurten Lakuntzan soilik ikusi ahal izango ditugu.

Eta itzuleraz ari bagara, El Corazón del Sapo nabarmendu behar. 2000. urtean jaitsi zen eskenatokietatik Aragoiko taldea, eta Hatortxu Rocken eginen du bere itzulera.

Zerbait berezia ekarriko digu Betagarrik ere. Oraingoan Obrint Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Gironesekin batera. Emanaldi berezi taldean gasteiztarrek eta valentziarrek bat eginen dute, bi taldeen abestiak plazaratuz. Gauza bera esan dezakegu Doctor Deseoren inguruan, zein denbora batean eskenatokietatik jaitsiko den eta HTX20 izango da hau ikusteko azken aukera.

Herri honen bi historiko haien proiektu berriekin iritsiko dira. Josetxu Piperrak & The Riber Rock Band eta Juantxo Skalari & La Rude Band.

19. edizioan utzi zuten zapore bikainaren ostean, Mafaldak ere ez du hutsik egingo. Lehen aldiz egongo direnak, ordea, Jo & Swiss Knife, Sara Hebe, Bultz, Itaca Band, Willis Drummond, Anari, Skontra, Zartako-K, Enkore, Dj Reimy, Reviverb Live, Trikidantz, Gozategi, Liher, Porco Bravo eta Dremen izango dira. Eta dena ez dira musika eta kontzertuak izanen. Porrotxek ere bere izena batu du zitara. Guzti hauei Alerta Gorria gehitu zaie, Sakanako pop-rock lehiaketan gailendu ostean.

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko musika jaialdiak uztailaren 27tik 30era izango du bere 20. edizioa, eta, dakizuen bezala, Lakuntzan izango da. Eta gaurkoekin kartela itxitzat jo dezakegu. Hatortxu Rockek urtero egiten du benetako ahalegin bat oholtza gainean soilik bertan ikusiko den zerbait eskaini aldera. Eta ahalegin hori biderkatu egin dugu aurten. Unea da errepresaliatu politikoen egoera behingoz errotik hartu eta konpontzeko, eta horretarako benetako zita berezia antolatzea ezinbesteko ikusi dugu. Horretarako elkartasun jaialdi hau posible egiten duten lau hankak martxan dira aspalditik. Jende asko dabil antolakuntzan duela hilabete ugaritik hona, uztaileko azken asteburuan dena prest egon dadin. Asko dira sarrerak erosten ari direnak. Asko ere txanda egiteko izen ematen ari diren boluntarioak. Eta kartela ere hemen duzue oso-osorik.

Txori askeen unea heldu da

Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoerak hobera egiteaz urruti, kasu askotan okerrera ere egin duela esan dezakegu. 344 euskal herritar daude oraindik espainiar zein frantziar estatuetako espetxeetan dispertsatuta, honek senide eta lagunentzat suposatzen duen zigor eta bizi zein arrisku ekonomiko guztiekin. Beste ehunka herritar dira Euskal Herrira itzuli ezin direnak.  Horregatik diogu 20. ediziora iristea ez dela ospatzekoa, baina egoerak honela dirauen bitartean Hatortxu Rockek lanean jarraituko duela berresten dugu. Denak etxean izan arte.

Errepresaliatuen egoera agenda politikoen erdian kokatu beharra dugu. Horretarako denon beharra dugu. Eta Hatortxu Rock 20 musika jaialdi bat baino askoz gehiago izanen da eta euskal gizarte guztiari dei egin nahi diogu uztailaren azken asteburuan Lakuntzan antolatuko dugun jaialdi erraldoian parte hartzeko. Bada garaia gatazka hau errotik hartu eta konponbide bat bilatzeko. Eta horretarako ezinbestekoa da errepresioa pairatzen duten herritarrak etxera itzultzea. Egun horrek ez du etorkizuneko egun bat izan behar, egun horrek gaur izan behar du

SARRERAK
Sarrerak salgai dituzue esteka honetan. 70 euroren truke lau egunetako bonoa eros daiteke, kanpina barne egonen litzatekeelarik.

Denon artean… Hator, hator neska-mutil etxera!