Hatortxu Rockek lehen Lilaketa antolatuko du aurten, hau da, taula gainean emakumeen presentzia bermatzen duten taldeen maketa lehiaketa. Atzo, martxoak 8, mobilizazioa eguna izan zen Euskal Herriko txoko guztietan, eta Hatortxu Rockek hauekin bat egin eta bere aletxoa jarri nahi du.
Aspaldiko arazoa da musika munduan emakumeek pairatzen duten egoera. Gutxi dira, oso gutxi, oraindik ere oholtza gainetan, gizonezkoekin alderatuz, ikusten diren emakumeak. Hatortxu Rocken ere arazo hau behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu. Eta hitzetatik ekintzetara pasatzea erabaki dugu.
Honela, Lilaketaren helburu nagusia emakumeek oholtza gainean duten presentzia sustatzea da, emakumeek osatutako musika taldeak eta emakume musikariak bultzatu asmoz. Horretarako, Lilaketan parte hartu ahal izateko, taldeko partaideen emakume kopurua taldeko partaide guztien erdia izango da, gutxienez. Era berean, emakumeen presentzia handiagoak balorazio positiboa ekarriko du.
Ezin dugu ahaztu ere Hatortxu Rock antolatzearen zergatia. Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen egoera oraindik ere oso larria da, eta guk, etxerako bide hori eraikitzeko lanetan, gure aletxoa musikaren bitartez jartzen dugu. Borroka honetan indar guztien beharra dugu. Eta indar guztiak aipatzen ditugunean, guztiak dira. Horregatik emakumeen indarra oholtza gainean ere egotea ezinbestekoa dugu.
Euskal Herriko taldeei zuzendutako deialdia da hau eta izen-emateko epea irailaren 1 bitarte luzatuko dugu. Lehen fase honetan taldeek info@hatortxurock.eus helbidera idatzi beharko dute izena emateko, eta aipatu data bitarte (irailak 1) izango dute euren lana bidaltzeko. Hatortxu Rockeko antolakuntzak hiru finalistak aukeratuko ditu eta hauen arteko finala zuzeneko emanaldi batean egingo da. Irabazleak antolakuntzak erabakitako estudio batean maketa grabatzeko aukera izango du, eta baita 500 euroko saria ere.
Esteka honetan dituzue Lilaketaren arau eta baldintza guztiak: HTX LILAKETA.
Egin salto oholtzara!
Denon artean, denak etxera!