Egun gutxi geratzen dira Hatortxu Rock jaialdiaren 18. edizioa ospatzeko. Muntaiak aurrera darrai eta boluntario ugariren lanari esker dena prest egonen da datorren abenduaren 26an. Elkartasun jaialdi hau osatzen duten lau euskarriak martxan dira eta. Antolakuntzan dabilen jendea, musika taldeak, aldarrikapena eta jaia uztartuko dituzten milaka pertsona eta boluntario moduan dabiltzan ehunka pertsona. Lau puntu hauek gabe ezinezkoa litzateke Hatortxu Rock aurrera ateratzea. Mila esker guztioi!
Dakizuen bezala, aurten marka guztiak hautsi dira. Jaialdia baino hiru aste lehenago agortu ziren sarrerak. Mila esker erantzun handi honengatik! Era berean, sentitzen dugu sarrerarik gabe geratu diren guzti horiengatik. Hatortxu Rock jaialdiko antolakuntzak lan egingo du, hurrengo ediziorik antolatzeko beharrik izatekotan, guztien beharretara iritsi ahal izateko.
Orain arte dena bikain atera da, sekulako emaitza eta elkartasun erakustaldiaren isla da sarrerekin jazotakoa. Horregatik, espero dugu jarrera hau mantentzea Hatortxu Rock egunean bertan. Ez da inongo eraso sexista, homofobo edo arrazistarik onartuko,ezta inongo liskarrik ere. Bengalak ere guztiz debekatuta izanen dira eta norbaitek hauek erabiliko balitu, kanporatua izanen da.
Sarreren kontura itzulita, gogoratu beharra dugu bertan ez dela sarrerarik egonen salgai eta sarrerarik gabe ez dagoela Hatortxu Rock jaialdira sartzerik. Bertan lanean egonen diren boluntarioen lana errazte aldera, antolakuntzak jendearen jokabide ona asko eskertuko du.
Besterik gabe, espero dugu Hatortxu Rock on batez gozatzea, eta denon artean pauso berri bat ematea euskal preso eta iheslarien etxerako bidea eraikitze lan honetan.
Izena duena, bada. Hator, hator neska-mutil etxera!
Hatortxu Rock