2015-10-03

HatortxuRock 18; Izena duena, bada

Beste urte batez hemen da HATORTXUROCK. 18. edizioa ospatuko du jaialdiak aurtengo abenduaren 26an eta, azkenengoetan bezala, Atarrabiako Entrecementerios guneak hartuko du elkartasun jaialdia. “Izena duena, bada” lelopean, Totem aretoan aurkeztu da aurtengo kartela.

Soziedad Alkoholika, Riot Propaganda, Anestesia, ETS, Zopilotes Txirriaos, Zoo, Skakeitan, Gatillazo, Non Servium, Oliba Gorriak eta Skatu igoko dira HTX18ko oholtza gainera eta bat egingo dute HATORTXUROCK-en mezuarekin.

Izena duena, bada. Euskal esaera zahar honek ederki laburtzen du jaialdiak aurten zabaldu nahi duen mezua. Mitologiako pertsonaiak ditu gogoan, guk ikusi ez arren, izena dutenak eta, beraz, existitu egiten direnak. Gaur egun preso eta iheslariak ikusezin bihurtu nahi dituzte. Ezin ditugu haien argazkiak erabili eta haien eskubideen aldeko ekimenak debekatuak daude. Baina ezin diete izena ezabatu ezta ezkutatu, eta guretzako, noski, badira.

Badira eta izango dira, denak etxean bildu arte HATORTXUROCK lanean izango den bezala. Urtero azkena izango denaren desioaz egin du lan HTX-k, eta urtero berritu ditu indarrak dispertsioa eta deserriari aurre egiteko. Musikak herri honen norabidean garrantzi handia izan du, orrialde ugari idatziz, eta urteetan musikaz ere egin zaio aurre giza eskubideen eraso sistematiko honi, eta aurten ez da desberdina izango.

Oraindik ere 400 euskal preso politiko baino gehiago daude espainiar eta frantziar Estatuetako espetxeetan dispertsaturik. Baita Europako beste herrialde batzuetan ere. Era berean, euskal herritar asko dira epaituak, kondenatuak eta dispertsatuak izateko arriskuan. Epaileek jarritako kondena horri mendeku kilometroak gehitzen dizkiote. Distantzia, honek dakarren arrisku psikologiko, sozial eta ekonomiko guztiekin. Bizi arriskua. Errepidea, isolamendua, erregistroak, bisitak, kristal kolpatuak, elkartasuna, maitasuna. Dispertsioak, preso eta iheslarien aldeko ekimenen debekatzeak bezala, presoen bakartzea ere badu helburu, baina herri honek behin eta berriz erakutsi du erasoen gainetik elkartasun duela arma nagusi, izena duten horiei babesa adieraziz.

Izena dutelako eta badirelako, HATOR, HATOR NESKA-MUTIL ETXERA! Gogoratu, abenduaren 26an Atarrabian, HATORTXUROCK 18, ‘Izena duena, bada’.

HatortxuRock